You are using an outdated browser

In order to deliver the greatest experience to our visitors we use cutting edge web development techniques that require a modern browser. To view this page please use Google Chrome, Mozilla Firefox or Internet Explorer 11 or greater

Erakusketaren babeslea: Babesle: Iberdrola
Erakusketaren babeslea: Babesle: Iberdrola

Four Songs

*Testuak: Bill Viola

Alegoria-formako lau narrazio musikalek osatutako bilduma. Irudiak eta soinuak bat egiten dute, norbanakoak inguruarekin daukan dinamika psikologiko eta emozionalean oinarritutako ikus-entzunezko erritmoak osatzeko. Adierazitako kontzeptu estetikoak estuki lotuak daude 1976an eskuragarri zeuden ikus-entzunezko produkziorako sistema berritzaileen ezaugarri bereziekin.

Lebitazioa txatartegian (Junkyard Levitation)
Lebitazioa txatartegian obrak "adimena buruaren gainetik" esapidearen inguruko joko bisuala erakusten du. Metalak birziklatzeko teknikak eta bideo-teknologiak bat egiten dute, une batez zientziaren lege ezagunak hautsi eta psikokinesiak testuinguru jakin batzuetan balioa duela erakusteko.

Xalotasun-abestiak (Songs of Innocence)
Xalotasun-abestiak lanak William Blake poetari egiten dio erreferentzia. Aldirietako auzo bateko parrokia-eskola bateko lorategian abesten ari diren haur batzuen irudiak eta ahotsak berriz agertzen dira, airean flotatuko balute bezala: ikuslearen pertzepzioa piztu, eta memoriaren, ilunabarraren eta heriotzaren arteko harreman bisuala dakarte gogora.

Hortzen arteko espazioa (The Space Between the Teeth)
Hortzen arteko espazioa lanaren egitura industria-giroko pasillo luze eta ilun baten bukaeran indar betean oihuka ari den pertsona baten dinamika psikologikoaren eta fenomeno akustikoaren egitura da. Ordenagailu bidezko muntaia-teknikak soinuaren eta irudiaren artean zehaztasun matematikoa zuten harremanak sortzeko erabiltzen ziren, bai eta bideoaren bigarren partean hondo/figura aldi bateko inbertsioa sortzeko ere.

Egia masaren indibiduazioaren bitartez (Truth Through Mass Individuation)
Egia masaren indibiduazioaren bitartez lanak Carl Jung-en norbanakoari eta masari buruzko idatziei egiten die erreferentzia. Bideodiskoaren memoriak hiru ekintza gogor eta bortitz harrapatzen ditu denboran. Tentsioari eutsi egiten dio hasieran, eta gero aske uzten, pertsona ingurunearen kontrako erasoaldi frustratu bat egitear dagoela ikusi ahala. Laugarren eta azken eszenan, gizona entregatu egiten da pasiboki, eta gauez ospatzen ari den beisbol-partida bateko 40.000 zaleen oihuek xurgatu egiten dute.

The Reflecting Pool

Gizon bat basotik atera eta urmael baten parean gelditzen da. Bat-batean, salto egiten du, eta denbora gelditu egiten da. Eszena geldian ikus daitezkeen mugimendu eta aldaketa guztiak urmaelaren azaleko isla eta ondulazioetara mugatzen dira. Denbora hedatu egiten da, ur-azalean baino hauteman ezin daitekeen ekintza-segida batek markatua. Lanak norbanakoa naturaren mundura iristen deneko unearen inguruan hausnartzen du; bataio bat bezalakoa da une hori, irudi birtualen eta zeharkako pertzepzioen mundura sartzeko modua.

Chott el-Djerid (A Portrait in Light and Heat)

Chott el-Djerid guztiz idorra den laku gazi zabal bat da, Tunisiako Saharako desertuan dagoena; bertan, eguerdiko orduetan, ispilatzeak gertatzen dira eguzkipean. Desertuko bero biziak manipulatu, bihurdikatu eta distortsionatu egiten ditu eguzki-izpiak, eta benetan bertan ez dauden gauzak ikusarazten ditu. Zuhaitzek eta dunek flotatu egiten dute, mendi eta eraikinen siluetek uhinak eratzen dituzte eta dar-dar egiten dute, eta kolore eta formek dantza dirdiratsuan egiten dute bat. Desertuko ispilatzeak Illinois estatuko (AEB) eta Saskatchewan probintziako (Kanada) neguko belardi babesgabeetako irudiek osatutako hondo baten gainean agertzen dira, irudi horietako batzuk elur-ekaitz batean filmatu zituztelarik. Aurkakoak diren baldintza klimatikoek ziurgabetasun-, desorientazio- eta harridura-sentsazioa sorrarazten dute.

Bideora egokitutako teleobjektibo berezien bitartez, irudiaren azken mugekin egiten du topo kamerak. Puntu horretan, ohiko baldintzen aldaketak edo informazio bisualaren gabeziak errealitateaz dugun pertzepzioa berriro ere ebaluatzera eraman gaitzake, eta arrunta ez den zerbaiten aurrean gaudela onartzera: fisikotasuna psikologiaren eremuaren baitan eraldatzen da. Haluzinazioak garunaren desoreka kimiko edo biologikoaren seinaletzat jotzen baditugu, beroak desertuan eragiten dituen ispilatze eta distortsioak paisaiaren haluzinazioak direla pentsa dezakegu. Beste pertsona baten ametsaren barruan fisikoki egotea bezalakoa da.

Heaven and Earth

Gela txiki batean, lurretik sabairaino doan egurrezko zutabe bat dago. Zutabeak hutsune bat dauka erdigunean: aurrez aurre eta bost zentimetroko distantziak banatuta karkasa gabeko bi monitorek hartzen dute erdigune hori, eta zutabearen goiko eta beheko zatietan muntatuta daude; monitore bakoitzean, zuri-beltzezko bideo-irudi bat

Zutabe-formako egitura logela txiki batean dago. Egurrez egina dago, eta lurretik sabairaino hedatzen da. Ikuslearen begien parean, zutabea eten egiten da eta bi partetan zatitua gelditzen da. Irekidura horretan, nolabaiteko distantzian eta kontakturik gabe, zuri-beltzezko bi monitore aurki daitezke, karkasarik gabe. Goiko monitorean, hilzorian dagoen adineko emakume baten lehen plano bat ikus daiteke; beheko monitorean, aldiz, haur jaioberri baten lehen plano bat. Soinu gabeko irudiak dira. Monitoreen azalera beirazkoa denez gero, horietako bakoitzean besteak emandako irudia islatzen da, bizitzak eta heriotzak elkar islatuko balute bezala, eta batak bestea bere baitan gordeko balu bezala.

Slowly Turning Narrative

Pantaila handi bat (2,74 × 3,66 metrokoa) poliki biratzen ari da erdiko ardatz batean, gela ilun handi baten erdian. Bi bideo-proiektore aurrez aurre dauzka, espazioko kontrako aldeetan. Pantailaren alde bat ispiludun gainalde bat da; beste aldea, berriz, proiekzio normaleko pantaila. Proiektore batek gizon baten aurpegiaren lehen plano baten zuri-beltzeko irudia erakusten du etengabe, argi gogor batean; arretagabea eta aldi berean tirabiran dirudi gizonak. Beste proiektoreak koloretako irudi aldakor sorta bat erakusten du: ume txikiak zaldiko-maldiko batean mugitzen, etxe bat sutan, jendea inauteritan gauez, umeak su-festako suziriekin jolasean, etab.; mugimendu etengabea eta argi eta kolore zurrunbiloa da irudi horien ezaugarria. Zuri-beltzeko aldean, ahots bat entzuten da izatearen egoerak eta banakako ekintzak deskribatzen dituzten esaldi-zerrenda luze baten kantua erritmikoki eta modu errepikakorrean errezitatzen. Koloretako aldean, irudi bakoitzari lotutako giro-hotsak entzuten dira.

Bi proiektoreen izpiek irudiak distortsionatu eta sakabanatu egiten dituzte pantaila birakariaren gainaldean eta paretetan zehar, biratzen ari artean pantailaren angelua txandaka zabaltzen eta estutzen denean. Ispiludun aldeak isla distortsionatuak bidaltzen ditu, inguruko paretetan zehar ur-jauzi baten moduan erortzen direnak —armiarma-sare antzeko forma lausoak, gelako perimetroan zehar dabiltzanak—. Horrez gainera, espazioko ikusleek beren buruak eta beren inguruko espazioa ikusten dituzte ispiluan islatuta, hura geldiro mugitzen den artean.

 Norberaren irudiaren itxitasunaz eta izatearen egoera potentzialki infinituen (eta, beraz, iritsiezinen) kanpo-zirkulazioaz ari da obra, ni zentralaren puntu finkoaren inguruan jiratzen baitute izatearen egoerok. Gela osoa eta barruko pertsona guztiak proiekzio-pantaila etengabean aldakorra bilakatzen dira, eta irudia eta islak hartzen dituzte barruan, bai eta espazioaren eta ikuslearen autoisla bat ere, eta hori dena ahots kantariaren eta pantaila birakariaren kadentzia erregularren bitartez lotuta dago. Bere buruan mugildutako adimen etengabean birakari baten errebelazioetarako barrualde bilakatzen da espazio osoa. Irudiaren, asmoaren, edukiaren eta emozioaren arteko bategiteek eta gatazkek etengabe zirkulatzen dute, pantaila poliki-poliki espazioan biratzen ari den artean.

The Greeting

Pontormoren Ikustaldia (1528–29) pintura manieristan oinarritua, Agurra (The Greeting, 1995) gela ilun baten paretan montatutako pantaila batean proiektatutako bideo irudi-sekuentzia bat da. Bi emakume berriketan ageri dira. Haien atzean eraikin industrial batzuk ikusten dira, hiri idor baten baitako perspektiba bitxi batean lerrokatuak. Bi emakumeak berriketan ari direla, hirugarren emakume batek eten egiten ditu, sartu eta haiengana hurbiltzen denean. Hura agurtzeko prestatzen direnean, garbi geratzen da emakumeetako batek etorri berria oso ondo ezagutzen duela, baina besteak gutxiago edo, beharbada, batere ez. Haize fin bat agertu eta argia sotilki aldatzen da emakume berria iritsi eta bere ezaguna agurtzen duenean, besteari jaramonik egin gabe. Biek elkar besarkatzen dutenean, makurtu, eta zerbait xuxurlatzen dio bere lagunari, areago bakarturik beste emakumea. Gordetako deserosotasunez, aurkezpenak egiten dituzte eta konplimenduak egiten dizkiote hirurek elkarri.

Posizio finkoko kamera baten harraldi bakar gisa aurkeztu eta pinturan ohikoagoa den formato bertikalean proiektatzen da lana, eta giza irudien ekintzak kamera geldi-geldi-geldian ikusten dira. Berez 45 segundokoa den gertaera koreografia landu baten gisara hedatzen da orain hamar minututan zehar. Eszenaren alderdi sotil batzuk nabarmen geratzen dira. Gorputz-mintzaira inkontzientea eta begirada eta keinu labur-labur batzuen xehetasunak nabarmendu egiten dira eta zintzilik geratzen dira ikuslearen adimen kontzientean. Argi eta haize aldaketa txikiak funtsezko gertaera bilakatzen dira. Batzuetan atzealdea lehen plano bihurtzen da, eta beste giza irudi batzuk ikusten dira irudi nagusien atzeko espazio ilunagoetan, jarduera ezezagunetara emanak. Badirudi pareten eta eraikinen geometriak perspektiba optikoaren legeak bortxatu behar dituela, eta horrek, argitasunaren anbiguotasunekin batera, izaera subjektibo bat ematen die eszena orokorrei. Azkenean, giza irudien ekintzetatik eta asmoetatik bat bera ere ez da esplikatzen edo ageriko bilakatzen. Gertaeraren esanahi zehatza zirkulazioan geratzen da, keinu anbiguo eta espekulatibo bat bezala..

The Veiling

Oihal zeharrargitsuko geruza paralelo fin batzuk aise zintzilik daude gela ilunaren erdigunean. Espazioaren kontrako muturretan elkarren aurrez aurre dauden bi proiektorek irudiak proiektatzen dituzte material-geruzetan. Irudietan gizon bat eta emakume bat ageri dira, kamerara hurbilduz eta kameratik urrunduz, hainbat gau-paisaiatan. Elkarren aurrez aurreko bideo-kanal bereizietan ageri da haietako bakoitza, eta pixkanaka-pixkanaka mugitzen dira itzalgune ilunetatik argi distiratsuko guneetarantz. Oihal-materialak argia lausotzen du, eta irudiek intentsitatea eta fokuratzea galtzen dute oihal-geruzetan gero eta barrurago sartzen diren ahala, harik eta azkenean erdiko beloan elkar gurutzatzen duten arte, presentzia fin-finen gisara. Gizonaren eta emakumearen irudiak zein bere aldetik grabatuak dira, eta ez dira bideo-agerraldi berean sekula agertzen. Beren irudietako argia besterik ez da nahasten belo zintzilikatuen ehunean. Material-geruzek antolatzen dute espazioan proiektore bakoitzetik ateratzen den argi-konoa, eta hiru dimentsioko forma baten gisa erakusten du argi-kono horrek bere presentzia, bere masa zeharrargitsuarekin gelako espazioan zehar mugitzen baita eta hura betetzen baitu.

Catherine’s Room

Catherineren gela (Catherine’s Room) lanak begiratu pribatu bat proposatzen du emakume bakarti baten gela barrura, hark goizetik gauera eguneroko erritualak egin artean. Emakumeak egiten dituen ekintzak xumeak dira, kontzienteki eginak, eta lerro horizontal batean kokatutako bost pantaila lautan agertzen dira aldi berean. Pantaila bakoitzak eguneko momentu bat irudikatzen du: goiza, arratsaldea, ilunabarra, iluntzea eta gaua. Goizean, emakumea egun berrirako prestatzen da, yoga praktikatuz. Arratsaldean, leihotik sartzen den eguzki-argitan, josi egiten du. Ilunabarrean, emakumea, idazle den heinean, bere lan intelektuala oztopatzen duen blokeo bat gainditzeko borrokan ari da. Iluntzean, hausnarketa-egoera sakon batean murgilduta, errenkadetan jarritako kandela batzuk pizten ditu, ilunetan dagoen gela argitzeko. Azkenik, gauean, arropak erantzi, eta, poliki-poliki, loak hartzen du, gela ilunean bakar-bakarrik.

Horman dagoen leiho txiki batek kanpoko mundua erakusten du, eta zuhaitz baten adarrak ikus daitezke. Panel bakoitzean, zuhaitza urteroko bizitza-zikloaren etapa batean agertzen da, udaberriko kimuetatik hasi eta neguko adar biluziak erakutsi arte. Hala, leihotik ikus daitekeen kanpoko munduak denboraren joan-etorriaren beste geruza bat irudikatzen du, eta egun bakar bateko erregistroa naturako zikloei lotutako ikuspegi zabalago bilakatzen du.

Four Hands

Apal baten gainean muntatutako lau pantaila txiki lauek mugimenduan dauden lau esku-pare erakusten dituzte. Argi-maila baxuak detektatzen dituen zuri-beltzezko kamera batekin grabatutako lan honetan, haur baten, adin ertaineko gizon eta emakume baten, eta adineko andre baten eskuak ageri dira, geldo eta berariaz, aurretik zehazturiko keinu batzuk osatzen. Keinuak ezagunak eta arrotzak suertatzen dira aldi berean, eta iturri desberdinen eragina jaso dute:mudra budistetatik hasi eta XVII. mendeko Ingalaterrako kirologiako ilustrazioetara arte. Hiru belaunaldi desberdinetako —semea, gurasoak eta amona— eskuen mugimendu sinbolikoek denbora-lerro bat marrazten dute, unean bertan pertsonek burutzen dituzten ekintza paraleloak barne hartuz, giza-bizitzako garai desberdinei dagozkien mugimendu zabalagoekin batera.

Surrender

Errendizioa (Surrender) horma batean bata bestearen gainean muntatuta dauden bi pantaila lauek osatzen duten diptikoa da. Bertan, gizon baten eta emakume baten irudiak ikus daitezke, bakoitza pantaila batean. Beren posizioak aldizkatu egiten dira goiko pantailaren eta beheko pantailaren artean, ikus-entzunezko erreprodukzio-ziklo bakoitzean. Irudiak gerritik gora agertzen dira, eta beheko pantailako irudia alderantzikatua dago goiko irudiarekiko; ispilu-irudi bat iradokitzen da horrela.

Gizonak eta emakumeak hiru errenditze-forma desberdin antzezten dituzte, iraupenean eta emozio-intentsitatean haziz doazenak. Hasiera batean, badirudi egoera horrek fisikoki gerturatzera eramango dituela, elkar besarkatu edo musu ematera joango balira bezala. Hala ere, uraren presentzia nabari da beren ekintzetan, pantailaren beheko aldean, eta aurrez aurre murgiltzen dira bertan. Azaleratzean, badirudi beren nahigabea eta beren larritasuna handiagoak direla, uraren gainazalean beraiek eragindako ondulazioekin batera areagotu balira bezala. Beren gorputzen irudiak olatu itxura duten formetan hausten direnean, ohartzen gara uretako beren islei begira aritu garela orain arte, eta ez beren egiazko gorputzei. "Irudiaren irudi" hori geroz eta gehiago itxuraldatzen da, eta geroz eta modu biolentoagoan, irudiak uretan murgiltzen diren bakoitzean; harik eta, azkenean, intentsitate emozional eta fisikoa puntu goreneraino iristen den, eta beren forma bisualak argi eta kolore puruzko forma abstraktuetan desintegratzen diren.

Going Forth By Day

Egunerantz aurrera eginez proiektaturiko irudiek osatutako bost parteko zikloa da, giza-existentziarenak propio diren gaiak lantzen dituena: indibidualtasuna, gizartea, heriotza, berpizkundea. Obrak arkitektura-esperientzia bat proposatzen du; bertan, bost irudi-sekuentziak aldi berean proiektatzen dira dimentsio handiko gela baten baitan. Espaziora sartu ahal izateko, bisitariek literalki sartu behar dira lehen irudiaren argira. Behin barruan, horma guztietako proiekzioek osatutako ikus-entzunezko mundu baten erdigunean aurkituko dute euren burua. Panel bakoitzak kontatzen duen istorioa gelako ziklo narratibo osoaren parte da. Ikuslea libre da espazioan zehar nahi bezala mugitzeko eta panel bakoitzari modu indibidualean begiratzeko, edo, aldendu eta obra osotasunean begitantzeko.

Bost irudi-sekuentziek 30 minutu inguruko iraupena dute eta modu sinkronizatuan proiektatzen dira, etengabeko erreprodukzioan. Paneletako soinua libreki nahasten da espazioan, eta soinu-giro globala sortzen du horrela. Irudiak zuzenean proiektatzen dira horman, pantailarik eta markodun euskarririk erabili gabe, Italiako Errenazimenduko freskoak bezala, non pintura zuzenean aplikatzen zen hormetako igeltsuaren gainean. Obraren izenburua Egiptoko Hildakoen liburutik dator, "Egunerantz aurrera egiten duen izpiritua", arimarentzako gida dena, behin gorputzaren iluntasunetik libro, azkenean, "eguneko argirantz egin dezan".

“Suaren jaiotza” (1)

Giza forma bat sortzen da murgildutako mundu ilun batetik. Gorputzak heriotzaren eta berpizkundearen artean dagoen egoera inkontziente bateko fluidoan egiten du igeri. Sutan amaitu zuen aurreko mundutik datozen laranja koloreko argi-izpiek uraren azala zeharkatzen dute. Orain, aurreko suntsipenaren argipean, giza esentziak bide baten bilaketari ekiten dio urpeko eremu berrian barna: bere berpizkunderako behar dituen forma materialaren eta sustantziaren bila ari da.

“Bidea” (2)

Udako solstizioaren garaia da mendi-tontorretan. Goizeko lehen argiak basoko bide batean ibilian ari den jendearen joan-etorria erakusten du. Mota desberdinetako jendea da, eta bakoitzak bere pausuan egiten du bidea, modu bakarrean. Ez dago ez hasiera ez amaierarik norbanakoen prozesio horretan —guk ikusi baino askoz lehenagotik ari dira oinez, eta hala jarraituko dute denbora luzez gure ikus-eremua utzi ondoren ere—. Jendearen fluxu etengabeak ez digu ageriko ordenarik edo sekuentziarik aditzera ematen. Beren bidea egiten ari diren bidaiariak bezala, bi munduren arteko espazioak iragaten dituzte. Basoan ageri den seinale txiki batek pasagune segurua bermatzen die, egoera zaurgarri horretan barna. Ez dago atzera bueltarik. Etengabe egiten dute aurrera, helmuga ezezagun baterantz.

“Uholdea” (3)

Berriki zaharberrituriko harrizko eraikin bat ikus daiteke udazkeneko ekinokzioko argi garbitan. Jendea joan-etorrian dabil kalean, beren egunerokotasuneko ekintzetan murgilduta. Norbanakoen bizitzetan eragina duten gertakari txikiak jazotzen dira. Beren etxeak uzten dituzten familiak ikus daitezke, jendea beren ondasun pertsonalekin kalean barna, eta gertatzen den orok tentsioa areagotu egiten du komunitatean. Erruki- eta adeitasun-momentuak suertatzen dira, norbanakoaren bizirautearen inguruko ardura gero eta handiago baten baitan.

Denek entzuteko moduko abisua entzuten denean, izu-ikara gertatzen da, jendeak beren bizitzak salbatzeko korri egiten duten artean. Azkenekoek, ekidin ezin denari uko eginez, gehiegi itxaron dute beren etxeetako segurtasunean. Orain, uholdeak indar betean beren mundu pribatuen muina erasotzen duela, bizitzak salbatzeko egin behar dute lasterka. Korrika ateratzen ari dira eraikinetik, barrutik datorren uriola izugarri batek, bat-batean, dena urez betetzen duenean. Bizitza indibidualak eta ondasun pertsonalak ausaz aukeratzen dira, prozesuan galtzeko. Azkenik, baretuz doaz bortizkeria eta indarkeria, uriolak behera egin ahala; eraikina osorik mantendu da, eta kalea garbi dago. Espaloi hutsa dirdiratsu ageri da eguerdiko eguzkipean.

“Bidaia” (4)

Ilunabarra da neguko solstizioaren garaian. Barne-itsaso batera begira dagoen etxetxo bat ikus daiteke. Bere barnean, gaixorik ageri da gizon bat ohean etzanda, bere semeak eta bere errainak artatua. Kanpoan, beste gizon bat ikus daiteke, atarian eserita, beilan. Behean, itsasertzean, hilzorian dagoen gizonaren objektu pertsonalez ari da betetzen astiro-astiro itsasontzi bat. Gertu, adineko andre bat dago esperoan.

Denbora bat igarota, semeak eta errainak alde egin eta bakarrik uzten dute gizona, bakardadean bere ametsekin, arnasa indarge. Bere etxea, bizitza eta oroimenez josia, giltzaz ixten da. Handik gutxira berriz agertzen da gizona itsasertzean; hura noiz helduko esperoan egon den bere emazteak agurtzen du. Biak igotzen dira ontzira; ontzia abiatu egiten da, eta beren ondasunekin batera, Zorionekoen Irla urrunetara darama bikotea.

“Lehen argia” (5)

Egunsentia da udaberriko ekinokzioan. Erreskate-talde bat gogor aritu da lanean gau osoan zehar, desertuan euri-erauntsi handi batek ustekabean harrapatu dituen pertsonak salbatzeko. Leher eginda eta fisikoki akituta, gutxika-gutxika ari dira beren ekipoak jasotzen, egunsentia argitzen den bitartean; gaueko gertakarien eragin emozionala areagotu egiten da. Ertzean, urak hartutako haranera begira ikus daiteke emakume bat: leku horretan bertan bere lagun eta auzokideak bizi izan ziren behin. Isilean itxoiten du, beldurrez beteta eta seme maitearen jasandako patuan gero eta esperantza gutxiagorekin; bere maitea ez da inoiz itzuliko.

Fire Woman

Su emakumea (Fire Woman) hilzorian dagoen gizon baten begitazioa da. Emakume baten soslaia ageri da argi kontra, suzko horma baten aurrean. Minutu batzuen ondoren, emakumeak aurrera egiten du, besoak irekitzen ditu eta bere isla propioan hondoratzen da. Pasio biziaren sugarrek barne-begirada biltzen dutenean, eta desio fisikoa berriz itzuliko ez dela jakiteak ikuslea itsutzen duenean, azalera islatzailea birrindu egiten da eta bere funtsezko egoerara itzultzen da: argi puruzko ondulazio leun izatera. Pantaila bertikal handi batean proiektaturiko irudiek osatzen dute Su emakumea instalazioa. Lau soinu-kanal inguratzailek betetzen dute espazioa.

Tristan’s Ascension (The Sound of a Mountain Under a Waterfall)

Tristanen igoaldia (Tristans Ascension) lanak heriotzaren ondorengo unean arimaren igoera deskribatzen du: erori beharrean, gorako norabidean daramatzan ur-jauzi batek arima esnatu eta jasotzen duen momentua. Gizon baten gorputza ageri da harlauza baten gainean, hormigoizko gela huts batean. Ur-tanta txiki batzuk agertzen dira, lurretik altxa eta goraka doazela. Euri-lanbroa uholde ozen bilakatzen da, gizonaren hilotzari bultza egiten dio urak, eta bizia berreskuratzen du. Baldar mugitzen dira bere besoak eta bere gorputz-enborra okertu egiten da ur nahasietan.

Azkenik, gorputz osoa zutitzen da harlauzatik, uraren indarrez gora egiten du eta desagertu egiten da ur jauziaren goiko aldetik. Uharra baretu egiten da pixkaka-pixkaka eta tantak bakandu egiten dira, harlauza hutsa baino ez delarik gelditzen, lur hezean distiratsu. Horman muntatua dagoen pantaila bertikal handi batean proiektatzen da sekuentzia. Bereziki konfiguratutako 4.1 soinu-sistema inguratzaile batek zabaltzen du soinua espazioaren dimentsio bertikalean.

Night Vigil

Gaubeila (Night Vigil) laneko irudiak Richard Wagner-en Tristan und Isolde operaren ekoizpen batekoak dira. Peter Sellars-en zuzendaritzapean, Esa-Pekka Salonen orkestra-zuzendariaren, Bill Violaren eta Kira Perov ekoizle exekutiboaren arteko elkarlanaren ondorio da bideo hau (2004–05). Tristan eta Isoldaren jatorrizko istorioa maitasun-kondaira bat da; bertan, horren da bizia eta sakona bi gazteek sentitzen duten maitasuna, ezen ezinezkoa baita maitaleen gorputz fisikoetan eustea. Beren desirak asebetetzeko, azkenean, protagonistek bizitza bera transzenditzen dute: argia eta itzala, maskulinoa eta femeninoa, bizitza eta heriotza, denbora eta eternitatea bezalako polaritate guzti horietatik haratago dagoen leku batera iristeko.

Gaubeila elkarren ondoan dauden pantailetan atzetik proiektatutako bideo-diptikoa da. Bideo-sekuentzian, gizonezko bat eta emakumezko bat, gauaren iluntasunak banatuta, batak bestearenganantz erakarriak sentitzen dira, bai eta beren grina argitzen duen argirantz ere. Helburua lortzeko, norbanako bidaiari ekiten dio bakoitzak: gizonarena kanporanzko ekintza-bidaia da, gauaren iluntasunaren erdian ematen den bide luze bat, su kiskalgarri baten argirantz egindakoa; emakumearena, ordea, kontenplaziozko barne-bidaia da, kandela batzuen pizte metodikoa, gela guztiz argitu arte. Nahiz eta biak abiatzen diren bakarrik eta banaturik, helburu berbera dute: norbanako indibidualaren fusioa heriotzatik haratago dagoen mundu batean.

The Innocents

Errugabeak (The Innocents) Antzaldatzeak (Transfigurations) bildumako parte da, artistak denboraren iragatearen eta barne-izatearen eraldaketa-prozesuaren inguruan hausnarketa egiteko baliatzen duen lan-multzoa. Ibn al’ Arabi Erdi Aroko mistikoak amaiera gabeko bidaia gisa deskribatzen du bizitza: " Nia bazterrik gabeko ozeano bat da. Hari begiratuz gero, ez du ez hasierarik ez amaierarik, mundu honetan eta hurrengoan". Giza-bizitzaren eternitatearen ikuskera sakon hori modu adierazgarrian adierazten da bildumako lanetan, zeinetan artistak ura erabiltzen duen transformazioaren metafora gisa.

Diptikoan bi pertsona gazte ageri dira, gizon bat eta emakume bat, helduarora igarotzeko momentuan. Itzalen artetik ageri dira banan-banan, eta, ikuslearengana gerturatu ahala, gero eta argiago ikus daitezke beren begitarteak. Bidaia bakardadean egingo dutela jabetzen gara, eta ez dutela elkarrekin harremanik izango. Ur-gortina bat igarotzen du bakoitzak, pasatzerakoan gehiago astintzen dena. Argiztaturiko eremura igarotzean, blai eginda eta zorabiatuta, sarbide-erritu bat edo beren jaiotza propioa iragan balituzkete bezala, iritsi direla ohartuko dira. Hala ere, gutxika-gutxika, geldo eta halabeharrez, ateratako lekura itzuliko dira, argitik uretara, eta uretatik iluntasunera, jaiotzaren eta heriotzaren zikloarekin jarraitzeko.

Three Women

Hiru emakume (Three Women) Antzaldatzeak bildumako parte da, artistak denboraren iragatearen eta barne-izatearen eraldaketa-prozesuaren inguruan hausnarketa egiteko baliatzen duen lan-multzoa. Ibn al’ Arabi Erdi Aroko mistikoak amaiera gabeko bidaia gisa deskribatzen du bizitza: " Nia bazterrik gabeko ozeano bat da. Hari begiratuz gero, ez du ez hasierarik ez amaierarik, mundu honetan eta hurrengoan". Hiru emakume lanak giza-bizitzaren eternitatearen ikuskera sakon hori adierazten du.

Espazio gris eta ilun batean, ama bat eta bere bi alabak ageri dira, ikusezina den muga baterantz astiro doazela. Bizitzaren eta heriotzaren arteko atalasean, ur-gortina bat gurutzatzen dute eta argira barneratzen dira, non hezur-haragizko izaki bizidun bilakatzen diren. Aurki, itzultzeko momentua iritsi dela konturatzen da ama, eta astiro doaz alabak bere atzetik, denboraren ilunpe gris eta dardartietan desagertu baino lehen argiaren munduari beste begirada bat botatzeko tentazioz.

Lifespans

Gizonezko bat eta emakumezko bat ageri dira, bakoitza bere bidean. Urrun hurrunetik ari dira astiro gerturatzen, haize epelek astindutako basamortuko paisaia zabal bat gurutzatuz, haluzinaziozko bero-boladetan murgilduta. Gutxika-gutxika, aurrera egin ahala, gerturatuz doaz beren bideak, ispilatzeen ataria gurutzatu arte. Irudimenezko erreinutik errealitatera igarotzean bat egiten dute azkenean, eta batera ekiten diote bizitzako bidaiari.

The Encounter

Bi emakume ageri dira bi bide desberdin abiatzen, bakoitza bere bizitzako mutur batean. Beren bideek bat egiten dutenean, topaketa labur batean, indartu egiten da bien arteko bizi-lotura, eta jakituriaren misterioa isilean igarotzen da emakume helduenetik gazteeneraino.

Walking on the Edge

Ertzetik ibilian (Walking on the Edge) lanak aita-semeen arteko ezinbesteko banaketa irudikatzen du, bizitzaren bidaian bide desberdinak aukeratzean. 

Bi gizon ikus daitezke desertura iristen, artega ageri den zeru baten azpian. Irudiaren muturretatik agertzen dira bi gizonak eta ikuslearengana gerturatuz doaz, beren artean geroz eta gehiago hurreratzen direlarik, bata bestearen ondoan bide egiten bukatzeko. Azkenean, gurutzatu egiten dira beren bideak, eta berriro urruntzen dira. Beren arteko espazioa geroz eta handiagoa egiten da, enkoadraketaren ertzetan desagertzen diren arte.

Chapel of Frustrated Actions and Futile Gestures

Ekintza zapuztuen eta keinu hutsalen kapera (Chapel of Frustrated Actions and Futile Gestures) hiru lerro horizontaletan jarritako bederatzi pantailez osaturiko egitura konplexua da, bederatzi audio-kanal dituena. Panel bakoitzak pertsona edo bikote bat erakusten du, aldi oro ekintza bat erritmo geldo eta etengabekoan errepikatzen duena; ziklo bakoitzaren amaieran etenaldi bat egiten dute pertsonaiek, halabeharrezko errepikapenari berriz ekin baino lehen. Bideoa etengabe proiektatzen da, eta badirudi zikloek ez dutela amaierarik izango. Ekintza bakoitza modu erritual, gradual eta kontzientean errepikatzen da, eta, ondorioz, esfortzu hutsaletan bakoitzak aurrekoa baino hunkigarriagoa dirudi.

Gizona legarra mugitzen pala batekin
Bi emakume opariak trukatzen
Gizona eskorga bati bultzaka
Bikotea elkarri zaplaztekoak jotzen
Ura zerbitzatzen
Emakumea gauzak mugitzen
Gizona atean
Bi gizon txalupa batean
Gizona zulo bat egiten
Gizona zulo bat zulatzen

Man Searching for Immortality/Woman Searching for Eternity

“Harria ez dena, argia da” Octavio Paz

Bi metrotako altuera duten granito beltzezko bi harlauza bata bestearen ondoan daude jarrita, horma-kontra, gela ilun batean. Biluzik ageri diren bi pertsona, gizon bat eta emakume bat, harritik atera eta guganantz datozela dirudi. Gerturatzen diren artean, modu argi eta kontzientean begiratzen digute begietara zuzenean. Poliki-poliki, argi txiki bana pizten dute, eta eguneroko ohiko erritualari ekiten diote: arreta handiz bilatzen dituzte gaixotasun- edo dekadentzia-zantzuak beren gorputzetan. Modu metodikoan eta arreta handiz egiten dute hori, heriotzaren bila ari baitira. Bukatzerakoan, argiak itzaltzen dituzte, bizitzari eskertuta. Geldi-geldi zutik, atera diren harrien baitara hutsaltzen dira gutxinaka.

The Dreamers

Ameslariak (The Dreamers) gela osoa betetzen duten zazpi pantaila lauez osatutako instalazioa da. Uretan murgilduta dauden zazpi pertsona erakusten ditu, ibai baten ohantzean. Begiak itxita eta itxurazko bakean ageri dira. Urak uhinak sortzen ditu beren gorputzetan zehar, eta bizia ematen die beren mugimenduei, gozotasunez. Igarotzen den uraren soinuak espazioa blaitzen du, ametsak gelan sartu ahala.

Inverted Birth

Jaiotza alderantzikatua (Inverted Birth) zoruan ainguratutako bost metroko altuerako pantaila batean proiektatutako lana da, eta esnatzearen bost aldi irudikatzen ditu transformazio bortitz multzo baten bitartez. Gizon bat ilunpetan dago, fluido beltz batean blai; tanten hotsak espazio hutseko hotsa eteten du. Pixkanaka, fluidoa altxatzen hasten da, eta, mugimendua areagotu ahala, gorantzako fluxua uholde burrunbatsu bihurtzen da. Beltzaren etsipen iluna beldur bilakatzen da isurkaria gorritu egiten denean, baina gizonak gogor eusten dio. Isurkari txuriarekin lasaitasuna eta elikatzea datoz, eta, haren ondoren, ur garbitzailearen purifikazioa. Azkenean, lanbro arin batek onarpena, esnatzea eta jaiotza dakartza. Fluidoek giza bizitzaren funtsa irudikatzen dute: lurra, odola, esnea, ura eta airea, eta jaiotzatik heriotzerako bizi-zikloa, hemen alderantzikatua eta ilunpetik argirako transformazio bilakatua




*Testuak: Bill Viola

Cookien erabilera

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure cookien politika orrialdean